


Txillardegi hildakoan, Donostiako udal liburutegi nagusia Txillardegi Liburutegia izendatzeko aldarri xume eta hunkigarria abiatu zuten idazlearen memoria gordetzea helburu zuten hainbat lagunek. Horren harira, Txillardegiren testuen irakurketa hunkigarria egin zen Victoria Eugenia klubean, eta Donostiako hainbat idazleren sinadura bildu zen Txillardegi Liburutegiaren alde. Tamalez, baina, ekimena aurrera ateratzeko puntuan zegoela, azkenean ezinezkoa izan zen garaiko testuinguru politiko mikaztua tarteko.
Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrena betetzear dela, ekimen horren alde sinatu genuen zenbait idazlek eta lagunek saiakera berri bat egitea merezi duela pentsatu, eta saioari berriz heltzea erabaki dugu. Uste dugu Txillardegiren kultur eta literatur arloko lanak berez hitz egiten duela bere merezimenduak zerrendatzen ibili beharrik gabe: heriotzaren hamargarren urtean, Txillardegi Liburutegiarena izatea nahi genuke, Koldo Mitxelena eta Carlos Santamaria dauzkagun bezala.
Jaiotzez aldezle talde oparoa izan zena are gehiago zabaldu nahi dugu oraingoan, arlo eta eremu ugariko lagunen atxikimendua jasoz. Horregatik, kultur esparruko eragile guztiei zabaldu diogu ekimena eta sinadura eskea. Alegia, ahalik eta sinadura gehien bildu nahi dugu Donostiak Txillardegi Liburutegia izan dezan. Zurea ere tartean egotea nahiko genuke, denon artean ekimen xume baina justiziazko hau aurrera eraman ahal izateko.