Txillardegi Liburutegia dela eta

2013an, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” hil eta urte betera, Donostiako hamazazpi idazlek Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari “Txillardegi Liburutegia” izena jartzea proposatu zioten udalari. Orduko Kultura Batzordeak proposamena baztertu egin zuen udaleko talde politikoen arteko ika-mikak tarteko. Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira, orduko sinatzaile batzuok gaia berrartzea pentsatu genuen, Txillardegiren figura eta garrantzia ezagutzen duen edonorentzat aski proposamen zentzuzkoa eta merezitakoa delakoan. Lehenengo ekimena babestu zuten hamazazpi idazleei eskatu genien ea proposamenaren alde jarraitzen zuten eta denek berretsi zuten, salbuespenik gabe. Gero, ekimena gizarteko bestelako sektoreetara zabaldu genuen, eta harrituta geratu ginen zelako babesa lortu zuen egun gutxitan. 1500 sinadura inguru jaso ditu ekimenak. Zerrendari begiratu azkar bat ematen dion edonor jabetuko da hainbat kolore, sentimen eta ideologiako jendeak babestu duela. Jende askok eta askotarikoak sinesten dugu Txillardegik euskararen eta literaturaren alde egin zuen lana aintzatzea justiziazko kontu bat dela.

Ekimena azken bururaino eramateko jarri genuen baldintzetako bat izan zen proposamen kontsentsuzkoa izatea, edo behinik behin, ahalik eta kontsentsu handiena lortzea. Eguneroko lehia-politikotik kanpora kokatu nahi genuen. Jon Insausti Donostiako Udaleko Kulturako eta Euskarako EAJko zinegotziarekin batzartu ginen iazko azaroan, eta segidan, udaleko talde politiko bakoitzeko ordezkariekin (Bildu, PSE, Elkarrekin Donostia eta PP) bildu gara banan-banan eta diskretuki. Denei aurkeztu dizkiegu Txillardegiren merezimenduak, ekimenak jaso duen babes zabala eta denei jakinarazi diegu kontsentsuzkoa izan nahi zuen ekimena zela honakoa, alderdikerietatik at kokatutakoa. Emaitza, frustrazioz diogu, etsigarria izan da.

Ekimena ahalik eta zabal, aberats eta borondate onekoena izanagatik, horma handi batekin egin dugu topo. Soilik talde politiko bat (Bildu) egon da ekimena babesteko prest. Gainerako taldeek uko egin diote, eta horretarako arrazoi funtsezkoa bat eta bakarra izan da: Txillardegiren soslai politikoa. Ezaguna denez, ETAren sortzaileen artean egon zen Txillardegi eta horrek ekimen hau kantzelatu egiten du haien begietara. Jakina da, halaber, Txillardegik 1967an utzi zuela ETA, pertsonen biziaren kontrako atentatuak egiten hasi aurretik, eta gerora ere borroka armatuarekiko kritikoa izan zela (besteak beste, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuenean). Txillardegi berak atentatu bortitz bat bizi izan zuen bertatik bertara HBko senataria zela: 1989an, Alcalá Hotelean HBko diputatu eta senatariak bilduta zeudela, bi pistoladunek taldearen kontra tiro egin eta Josu Muguruza erail eta Iñaki Esnaola larriki zauritu zuten. Mahai baten pean bere burua babestu behar izan zuenetako bat izan zen Txillardegi.

Batzartu garen talde politiko bakar batek ere ez du ukatu Txillardegik euskara eta literaturan arloetan egin zuen lanak aitortzarik merezi duenik. Are, 2013an, Donostiako Udalak Hiritar Merezimendu domina eman zion udaleko alderdi guztien aldeko bozarekin eta PPren abstentzioarekin. Kezkaz galdetzen diogu geure buruei: Zer gertatu da hamar urte hauetan Txillardegiren figuraren inguruko halako sinplifikazio eta desitxuratzea zabal dadin?

Alde batetik, badirudi literatura eta euskara arloko lana ezer gutxi dela soslai politikoaren aldean; hots, Txillardegik euskara batua sor zedin egin zuen lan ezinbestekoa edo euskal literatura modernizatzeko egin zuen guztia txikikeria hutsak izan zirela. Horrek baino garrantzia askoz ere handiagoa duela pertsona zein etiketa politiko pean kokatzen dugun. Bestetik, herri honek bizi izan duen historia bortitzaren inguruko memoria zorrotz eta bidezko bat eraikitzeko bidean, ez dakar ezer onik Txillardegiren inguruan sortu den irudi manikeo eta murrizgarriak. Ez bagara titular handi eta deklarazio hanpatuen atzean zinezko memoria bat arakatzeko gai, ez badugu hitz potoloen atzean dauden benetako errealitate eta historia txatalak ezagutzeko borondaterik, nekez eraikiko dugu gizarte irekirik. Eta hau Txillardegi Liburutegiaren auzia gainditzen duen zerbait da.

Munduan diren 7100dik gora hizkuntzen artean gehien-gehienek ez dute hizkuntza batu edo estandarrik. Hizkuntza batua eta literatura idatzizko tradizioa dutenen artean, ez da ohikoena halako prozesuen bultzatzaileak garaikideak izatea. Hizkuntza batua ezinbestekoa da komunitatea artikulatzeko eta beronen biziraupenerako, baita sistema literario oparo eta osasuntsu bat garatzeko ere. “Donostia euskararen hiria” izendapenak asko zor dio Txillardegiri, hizkuntza moderno eraginkorra izateko prozesuan klabea izan zen aldetik.

Eneko Goia alkateak, 2015ean Donostiari buruzko manifestu bat argitaratu zuen. Bertan honakoa zioen, besteren artean: “[Donostia] Kultura irekia eta askotarikoa eduki duen hiria ere bada. Pio Barojarena, eta baita Txillardegirena ere”. Ez dakigu Donostia Barojaren hiria den, baina, bistakoa da, momentuz Txillardegirena ez dela.

Hauek horrela, udaleko talde politiko guztiekin, baita alkatearekin ere, bildu ondoren ekimenak babes txikia eskuratu duela ikusita, berau azken burura ez eramatea eta ekimena formalki ez aurkeztea erabaki dugu. Ez da gure borondatea lehia politikoan jardutea ezta gatazkak eszenifikatzea ere. Komeniko litzateke, hori bai, honen guztiaren inguruan bakoitzak norberari dagokion hausnarketa egitea.

Esperantza izpi batekin geratu gara. Izan ditugun bileretan behin baino gehiagotan esan digute oraindik goizegi dela halako aitortza baterako. Sinetsi nahi dugu, bada, ekimena irekita geratzen dela etorkizunerako. Espero dugu, noizbait, Txillardegik eta Donostiako hiriak, biek ala biek, merezi duten aitortza jasotzea.

Aitzpea Leizaola, Beñat Sarasola, Dani Goñi, Garbiñe Ubeda, Harkaitz Cano eta Kepa Sarasola.

1 Iruzkin

  1. Hemen, zoritxarrez, nork bere zulotxotik begiratzen du eta gauzak ongi bereizten eta, humanismo baten barruan, malguak izaten ez dakigu.
    Orain ezin bada, utz dezagun garai hobera arte, baina ahazten utzi gabe.

Utzazu iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.